ARROSARIOAREN OTHOITZA
Arrosarioa hiru xapeleta ditu, zeren bortz misterio talde bat bakotxarentzat baita : bozkariozko misterioak, dolorezko misterioak, loriazko misterioak. Nola kondera edo xapeleta erran behar da ? Xapeletak bortz lerro ditu. Lerro bakotxak Gure Aita bat eta hamar Agur Maria ditu. Horra xapeletaren erraiteko moldea :
Credo ;
Pater, 3 Ave, Gloria ;
Ien misterioaren irakurtzea, Pater, 10 Ave, Gloria ;
IIen misterioaren irakurtzea, Pater, 10 Ave, Gloria ;
IIIen misterioaren irakurtzea, Pater, 10 Ave, Gloria ;
IVen misterioaren irakurtzea, Pater, 10 Ave, Gloria ;
Ven misterioaren irakurtzea, Pater, 10 Ave, Gloria.
Credo
Sinhesten dut Jainko Aita bothere guzia duena baithan, zeruaren eta lurraren kreatzalean. Eta Jesu-Kristo, haren Seme bakhar gure Jauna baithan, zoin kontzebitu baitzen Izpiritu Sainduaren berthutez, sorthu zen Maria Birjina ganik ; pairatu zuen Pontzio Pilatusen manuaren azpian, kurutzefikatu zuten, hil zen eta ehortzi zuten ; jautsi zen ifernuetarat ; hirurgarren egunean jaiki zen bizirik hilen artetik ; igan zen zeruetarat, jarria dago Jainko Aita guziz botheretsuaren eskuinean ; handik ethorriko da bizien eta hilen jujatzera.
Sinhesten dut Izpiritu Saindua baithan ; Eliza katoliko Sainduan ; Sainduen partaliertasunean ; bekhatuen barkhamen-duan ; haragiaren phiztean ; bethi iraunen duen bizitzean. Halabiz.
Pater
Gure aita, zeruetan zarena, erabil bedi sainduki zure izena, ethor bedi zure erresuma ; egin bedi zure nahia zeruan bezala lurrean ere ; iguzu egun gure eguneko ogia ; barkha zagutzu gure zorrak, guk gure ganat zordun direnei barkhatzen dioztegun bezala ; eta ez gaitzatzula utz tentamendutan erortzera, bainan begira gaitzatzu gaitzetik. Halabiz.
Ave
Agur Maria, graziaz bethea, Jauna da zurekin, benedikatua zare emazte guzien artean, eta benedikatua da zure sabeleko fruitua Jesus.
Maria Saindua, Jainkoaren Ama, egizu othoitz gu bekhatorosentzat, orai eta gure heriotzeko orenean, Halabiz.
Gloria
Ohore Aitari eta Semeari eta Izpiritu Sainduari.
Lehen bezala orai eta bethi ere, menderen mendetan. Halabiz.
Fatimako othoitza
Fatimako haurreri galdatu izan zen bezala, othoitz hau erran dezake lerro bakotxaren ondoan :
Ene Jesus, barkha gaitzatzu, infernuko sutik begira gaitzatzu, eraman itzazu zerurat arima guziak, bereziki behartsuenak.
Bozkariozko bortz misterioak
Ia Anontziazionea. – Gabriel Aingeruak Mariari erraiten dio : Agur, graziaz bethea… Amatuko zare, eta Jainkoaren Semea izanen da zure haurra. Laudorio horiek Maria izitzen bezala dute. Aphaltzen da, ihardesten du : Huna Jainkoaren neskatoa ; egina izan bekit zure hitzaren arabera. – Galdegin dezagun : Humiltasuna.
Adoratzen zaitut, Berbo dibinoa,
Zeren egin zaren gizon ene gatik ;
Eta zuri dautzut ohore osoa,
Amatu zarena, birjina egonik.
IIa Bisitazionea. – Santa Elizabeth, Ama Birjinaren kusia, laster Jondoni Joani mundurat eman beharra zen. Maria badoako laguntzerat, eta harekin egoten da hiru hilabethez. – Galdegin dezagun : Lagunaren alderako amodioa.
Birjina Saindua, zeinaren bisitak
Joanes bethe baitu bethikotz graziez :
Zu beraz zaitzala, zu ene bihotzak
Leialki zerbitza, maita ahal guziez.
IIIa Jesu-Krixtoren sortzea. – Zeru lurren nausia aberetegi batean sortzen da. Mariak ahal bezala troxatzen du, eta lasto puxka baten gainean etzaten. – Galdegin dezagun : munduko ontasuneri ez sobra estekatzea.
Pobre sorthu zare, Jesus, establian,
Adoratzen zaitut egun lasto pean,
Probetxaturen bizitze guzian,
Zure etsenpluaz humiliatzean.
IVa Purifikazionea. – Juduen legearen arabera, seme bat izaten zuen emazteak Tenplorat joan behar zuen berrogoi egunen buruan, Purifikazionea edo garbitzea deitua zen zeremonia baten egiterat. Maria, ama guziz garbia, et-zuen lege horrek ukitzen : bethetzen du bizkitartean, etsenplu onaren emateko. – Galdegin dezagun : elizaren legeri obeditzea.
Birjina, tenploan purifikatua,
Eta sustatua Simeon bezala :
Noiz aurkhituren naiz hatsaz gabetua,
Kristo hiltzeraino gogoan dudala ?
Va Jesus Tenploan kausitua. – Hiru egunez galdurik, bertze toki guzietan auhenka bilhatu ondoan, Mariak azkenean bere seme maitea kausitzen du Jerusalemeko tenploan. Tenploan, gure elizetan, dago orai ere eta beti Jesus ; han segurki atzemanen dute bekhatuaz galdu duketen arimek – Galdegin dezagun : sakramendu sainduaren amodioa.
Amak, nigarretan, Semea galdurik,
Bozik aurhitzen du Doktoren erdian ;
Jesus, ene hutsez nigarrak eginik,
Aurkhituren zaitut nik ere argian.
Dolorezko bortz misterioak
Ia Jesusen hagonia – Jesus Jauna, Olibetako baratzean, ikharatzen dute gure bekhatuen gatik jasan behar dituen oinazek. Gorphutz guzitik badario odolezko izerdi bat. – Galdegin dezagun : bekhatuen urrikia.
Egorri kalitza, Jesus, duzu hartzen,
Sumetitzen zaizko manu dorpheari ;
Ni ere natzaio zinez sumetitzen
Zer nahi penetan zure nahiari.
IIa Jesusen azotatzea – Jesus, bilhuzirik, izigarriki azotatzen dute : haren gorphutzeko haragiak pusketan doatzi. Gure lohikerien eta guritasun tzarren gatik du Jesusek tormenta hori jasan. – Galdegin dezagun : gorphutza ez guriki ekhartzea.
Jesus, harroinari larru-has lothua,
Azotez zaituzte zaurtzen barbaroki.
Egizu ni ere noiz nahi herstua
Gaitzentzat ez nadin izan minberegi.
IIIa Jesus elhorriz koronatua – Soldadoek, elhorri handi batzuekin, korona bat bezala egiten dute, eta bortxatuz, makhila ukhaldika, irriz eta trufaz, Jesusen buru sakratuan ondoraino sartzen. Zer tormenta ! – Galdegin dezagun : urguiluaren zaphatzea.
Nausien Nausia helas ! odoletan,
Burreuek zaituzte errabiaz eman ;
Eta nik, ezdeusak, plazer guzietan
Bizitze labur hau nezake eraman !
IVa Gurutzearen garraiatzea – Jesus, gurutze dorphea bizkarrean, Kalbarioko mendia gora badoa, erorka eta altxaka, lehertua… ezindua. Eta halere beti esti, beti pazientziaz bethea. – Galdegin dezagun : atsegaben pazientziarekin hartzea.
Isaak berria, Jesus ene gatik
Hartu izan duzu gurutze dorphea ;
Gogotik jasanen dut zure ondotik
Arimaz betherik, nik ere neurea.
Va Jesusen hiltzea – oinaze izigarrienen ondotik, Jesusek, gurutzearen gainean, azken hatsa ematen du azken odol xortarekin, guretzat amodioz, xoilki amodioz. – Galdegin dezagun : jesus gurutzefikatuaren amodioa.
Zuk osatu duzu, Jesus, gurutzean
Obra guzizkoa, gure erospena.
Erakusten duzu, horrela hiltzean,
Gure salbatzeko kharrik biziena.
Loriazko bortz misterioak
Ia Jesusen phiztea – Hil eta hirugarren egunean, Jesus bizirik eta lorios ilkitzen da hobitik. Halaber behar litake lehiatu bekhatorosa, laster heriotze eternaleko bidetik ateratzerat, graziazko bizirat itzultzerat. – Galdegin dezagun : konbertitzea.
Jesus hilik phiztu, oi zer bozkario !
Ni ere berekin phiztu nau grazian.
Oi zer ezagutza, oi zer amodio
Bihurturen diot bizitze berrian !
IIa Jesusen zerurat igaitea – Phiztu-ta berrogoi egunen buruan, Jesus zerurat igaiten da, bere merezimendu negurri gabekoen sariaz gozatzerat… eta guri, nahi badugu, leku baten egiterat. – Galdegin dezagun : zerurateko gutizia.
Zohaz loriara, Jesus Jauna, zohaz
Enetzat leku bat han aldaratzerat ;
Etzaien artetik grazien laguntzaz
Helaraz nazazu loria bererat.
IIIa Izipiritu Sainduaren jaustea – Mendekoste egunean, Apostoluak elgarrekin othoitzean zagotzilarik, Jesusek igortzen diote hitzeman zioten Izpiritu Saindua ; Izpiritu Sainduak argitzen ditu eta sustatzen. Othoitzaz beren ganat jautsarazten duten arimetan, gauza bera du heinka egiten. – Galdegin dezagun : othoitzari jarraikitzea.
Izpiritu Saindu, lurrerat jautsia,
Bethea zarena zeruko indarrez :
Susta diezadazu bihotz guzia,
Erre bekit, Jauna, zu ganako kharrez.
IVa Mariaren hiltzea eta zerurat altxatzea – Jesus zerurat iganez geroz, Maria etzen gehiago lur huntan bizi, joan zen Jesusekin haren bihotza eta gozoa… Amodioaren indar xoilaz, Birjina Sainduaren arima eztiki haren gorphutzetik berexten da, eta hegaldatzen zeruetarat. Mariaren gorphutza ere laster zerurat eremana da. – Galdegin dezagun : heriotze on baten grazia.
Amodioz zare biziaz gabetzen,
Birjina Saindua, zohaz loriarat,
Nik ere neurea dudanean galtzen,
Zaren bitarteko hel nadin hartarat.
Va Mariaren zeruan koronatzea – Jesusek bere ama bethiereko lorian sarrarazi ondoan, izpiritu dohatsu guziak baino gorago jarrarazten du, eta, bothere pare-gabeko batez jauntzia, zeru-lurren erreginatzat koronatzen. – Galdegin dezagun : mariaren alderako fidantzia.
Ama dohatsua, zeru gorenean,
Zure haur maiteak zaitu koronatu ;
Errespetatzen dut, ahuspez lurrean
Zure botherea : sokorri nazazu.